XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hitzaren putza

Bateratsu egin dute mendea gure nazionalismoak eta zinemak, garaikideak dira nolabait.

Horretan dute antza, ez bertze ezertan, ideologia sabindarrak behar zuen garbitasunaren kontrakoa baitzen zinema.

Baina kondenatzeko badere, zinema aipatu beharreko gauza zen.

Bataiatu beharrekoa.

Zerua donokia baldin bazen, eliza txadona, lapitza arkatza, errepublika erkala, papera ingia, telefonoa urrutizkina... zinea edo zinemak ere behar zuen bere izen jatorra!

Ebaristo Bustintzak, Kirikiño letretako izenez, atal garrantzitsua zeukan Euzkadi egunkarian, Egunekua.

Bertan euskarazko editoriala egin eta albisteak jasotzen zituen.

Euskararen erabilera egokia bere gain zegoen egunkarian.

Sabindarrek, beraz, arazo larria zeukaten mende hasmenta hartan zibilizazioak zekartzan traste elektriko, hegaldari, firrilkari, bero-emaile eta libertigarri guztiei izen egokiak asmatzeko: gure hizkuntzalaritzak ez zeukan horrenbertze berrikuntza euskaratzeko adina zientziarik.

Halakoetan, zientzia aldarrikatzen zutenek, mintzaira zen bezalakoa ez baina garbitasunaren arabera izan behar lukeen bezalakoa maite zutenek, zer erremedio, zientziarik gabeko herri xehearen sortzeko ahalmenari egiten zioten aldarri.

Kirikiñok lehiaketa bat proposatzen du zinemari izen euskalduna asmatzeko.

Itz barrijak. Lengo egunian esan neban larri nenbillala zinematografo arazua atzalduteko 2 EUZKADI, 1915-IX-15 eta ondokoak..

Erantzunak berehala datoz.

Ez ditu guztiak argitaratzen, txukunenak baino.

Cinematografo ixan lei idazpil: idatzi bil (ibili): dabillan idazkija: bil: redondo; bel: redondo, propenso, andante, movido. Película cinematográfica, idazpil-ingi. Proyección, irudin: Irudi (imagen).

Ez pentsa hau bizkaitarren zoroaldia izan zenik.

Gipuzkoan, handik hogoi urtera ere, euskaraz irudibilmintza erabiliko du El Día egunkariak zinema adierazteko.